XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

- Zure emaztea zerbait apartekoa da jaialdiak antolatzen - komentatu zuen Joanesek ikusten ari zenaz miretsirik.

- Bai, ba dirudi Aurela horretarako bizi dela.

Egun hauetan ez du ezer bestetan pentsatu.

Lehen dantzaldiaren azken konpasak ziren bikotea hurbiletik iragan zenean.

- Bikote bikaina osotzen dute Alizek eta Fidelek.

Harro egon zaitezkete Aurela eta zu gure familiari eskaini diguzuen lore horrengatik.

Estebe Martiarenak bere alabarengana eraman zituen begiak.

Alizek ilegurizko jantzi gorria zeraman, bordatu zilarreztatuez edertua, eskote handikoa, nondik bularren hasiera ikusten bait zitzaion.

Fidelek, garaia eta arteza, uniforme distiragarriarekin, neska ederraren maila bera mantentzen zuen.

- Zein ezberdinak diren Paul eta Fidel - komentatu zuen Joanesek, Paul, Garraldako Markesen bigarren semea zegoen tokirantz begiak eramanik.

- Bai, Fidel beti izan da irekiagoa, hiztunagoa, jendearekiko harremanetarako emanagoa.

Paul beste muturrean dago.

Une hartan ere horrela gertatzen zen.

Paul bakarrik zegoen, eserita, begi nazkatuez inguruak begiratzen.

Dantzaldiaren lehenengo pieza amaitu zenean Alizek Fidel utzi eta handik hurbileko militar batzuekin hasi zen hizketan.

Alizek ba zuen horrelakorik.

Ez ohi zitzaion nahikoa iruditzen gizon bakar batekin egotea.